Ama eredugarria naiz, Gidaliburuetakoa. Eguna, lau gedar, bost agur, Sei plater eta zazpi sorbalda kolperekin Iragan dezakedala sinestarazi dizuet. Pozik nagoela, urdindu zaizkidan ileek Lantzean, autobusa hartu Eta ileapaindegira joateko Aitzakia ematen didatelako. Baina ahaztu baduzue ere, Neu hurbildu nintzen zuen lurretara. Neuk ikasi nuen zuen berbakera, Besarkadez eskertu nizuen harrera. Mina ematen dizuelako ez didazue galdetzen Zerk mintzen nauen. Gogotik erori zaizue banaizela zuek gabe ere. Zuek gabe ere, banaizela. Eta horrela isilik zaudete, Alboan egotea, Diodanarekin bat egitea, Nahikoa dela deritzozuelako. Eta horrela antzezten didazue Maitasuna, elkartasuna, adiskidetasuna, Eta berba potoloegi horiek.