Aitortu zidan: Zerbait garrantzitsua Esan gura dut, Aintzat ez nauzuenok Isilarazteko bestekoa, Azkarrenak moteltzeko modukoa, Belarririk gabeko eztabaidan Arrazoiak musututs uztekoa. Garrantzitsua zaizuen zerbait Esan gura dut, Ezen Zuetako inork ez nau maitatu behar? galdetzean Oihartzunak ihardesten baitit, Ezen Lagunak eta egunak eskutik desagertzen zarete? Itaundu orduko Etxerako tenorea egiten baitzaizue. Zuentzat garrantzitsua zer den Jakin gura dut, Zerk artegatzen dizuen gogoa, Zenbatekoa den arretaren balioa. Halakorik baduzu, Gorrak minduko dituen Berbaren jabe bazara, Utzidazu edo mailegatu Astebetez, ez gehiago, Osorik itzuliko dizut. Egilea: Gotzon Barandiaran